top of page

Orain dela gutxirarte Izarne (Ondarroa, 1987) zati askotariko amalgama izan da. Ikus: dantza, senda-belar, kostalde eta Madril, su, etxe abandonatu, elkarrizketa, dirección asistida-rik gabeko auto, komunitate, erritmo…

 

Arkitektura burua zabalik mantentzearren egin zuela dio. Errenazentista izatea leporatu diote. Berez, bera dantza egitekoa dela erantzuten du, aldez aurretik, elkarlotuta dauden gertakariez egindako istoriorik ez esperatzeko ohartaraziz. Zalantza bizimodu bezala onartu duela eta pultsu ona daukala kontrolak eramateko.

 

Denbora ezeztatuz pentsatzea du gustuko, gertakari oro aldi berean suertatzen diren eta azelerazio desberdina daukaten mugimendu segidak eragindako desplazamendua eta forma direla ulertuz.

 

Katxarro bere hitz gogokoenetarikoa da eta noski haren desbideraketak direnak: katxarreatu, katxarrismo, katxarreria.

 

Espiritualtasunik gabe ibiltzea arrastaka joatea bezala dela dio eta gauzak ikustarazten dituen jendea miresten du “medium modukoak direlako, filosofoen tankeran”.

 

2005etik bere azentuaren jatorriari buruz galdetzen diote (arraroa omen da eta). Zergatia oraindik ez daki baina ikerketa zabalik dauka.

 

Oraintsu bere zatitxo guztiak lente poliedriko batzuetan kristalizatzea lortu du eta egun, prototipoa optimizatzen dabil.

 

Zin egin zuen azkena: eskura daukan era guztietan, bere zelula oro arteari eta kulturari ematea.

bottom of page